XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMALAU ERIOTZENA.

1825 urtean gertaera mingarri eta odoltsua egon zan Etxebarri'n, Urrian'ren erdian.

Altzibar baserrian bertako jauna ilda billatu eben, eta bertako etxekoandria zaurituta, ilteko zorian, eta alaxe il be, eta bardin euren 23 urteko alaba.

Ori dala ta Etxebarri'n 1948 urtetik ona parroko dan Bernardino Barrutia jaunak, onelako au idatzi eban berak argitaratzen dauan Gure Erria aldizkarian.

Ba dira bertso zar batzuk Etxebarrin izandako gertakizun bat aitatzen dabenak.

Joan dan baten Arratetik Basarrik kantau zituan.

Berak bialduta ipinten ditugu emen bertso orreik.

Bertso orreitan esaten dana egia ete dan jakiteko, sasoi aretako Eleizako liburuetan begiratu dogu ta an agiri da gausak bertsoak diñoen moduan gertatu zirala.

Altzibar baserrian 1825 garren urtean bizi zan Miguel Galdos, 59 urtekoa, izatez etxebarritarra.

Urriaren 14'an arratsaldean zauriakin ilda aurkitu eben.

Bere emastea Katalina Gandiaga zan, markiñarra izatez ta 52 urtekoa.

Arratsalde ortan bertan zaurituta aurkitu eben; berba egiteko gauza zan ta Eleizako danak artuta, andik egun bira il zan.

Aita-amakin batera zaurituta ta azkenetan, aurkitu eben euren alaba Joserra Micaela, 23 urtekoa.

Ezeukan berbarik eta untziñoa bakarrik emon eutsen.

Andik iru egunera il zan.

Liburuetan ez da esaten, zein izan zan iltzailea.

Markiña-Xemein'en agertzen dan Garaian aldizkariko Lenengo zenbakian, Miriam Etxabe'k argitasun batzuk emoten zitun onetaz.

Berak gogoratzen dabenez, eta ingurukoak laster konturatu giñan lez, Manuel Lekuona jaunak agertutako Literatura oral Euskérika liburuan, bertsoen alboan dakarren erdal itzulpenean, lenengo bertsoa ez dago zuzen lekututa.

Izan lei Lekuona berberak batutako bertsuok beste norbaitek orraztuta emotea, onelako gauzak garratzak eta minkorrak izaten diralako.